2009/02/17

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (5)

ABLITAS-KASKANTE, BIZIKLETAZ



Erribera deskubritzeko aproposa da bizikleta. Aukera asko ematen ditu bakoitzaren indarren arabera herriak eta lurrak bisitatzeko. Halaxe proposatzen dugu Keiles arroa, Ebroren eskuin aldean, dastatzea.

Badugu aukera Via verde del Tarazonica deritzana erabiltzeko. Ibilaldi horrek Tutera eta Tarazona lotzen zituen trenbideak utzitako bidea aprobetxatzen du. Espresuki bizikletaz eta oinez ibiltzeko prestatua dago eta ondo seinalatuta gainera. Tuterako Intermodal geltokian hasten da eta guztira 22 km ditu. Ebrotik Moncayo aldera doa aldapa goxoan.

Beste aukera erromatarren galtzadaren gainetiko bidea erabiltzea da, lehengoari zeharkakoa, eta bide batez Ablitas eta Kaskante herri xarmantak bisitatzea.

Erromatarren garaian Kaskante zen lurralde honetako hiri nagusia eta handik pasatzen zen Tarraco eta Asturica lotzen zituen galtzada garrantzitsua. Ablitasen camino de los romanos deitzen da.

Bizikleta izter artean hartuta, prest izango ditugu zentzumen guztiak olibadietan tarinek abesten duten musikaz, almendrondoen usain eztiaz edo mahastietako kolore zipriztinduez liluratzeko.

Kaskante eta Ablitas artean Lor aintzira topatuko dugu non erdi-erdian urrezko altxor bat omen baitago.

2009/02/14

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (4)

PERALTA-FALTZES, ZALDIZ


Orain dela hamarkada batzuk arte Erriberako hiri eta bideak zamariz beteak ziren. Laborari jendeak zaldi, behor, asto edo mando baten gainean pasa behar zuen bizitzaren aldi dexentea. Gaur nekez ikusten da zamaririk, baina zenbait herritan badaude zaldiz ibiltzeko aukera ematen diguten zalditegiak. Haietako bat Peraltan dugu.

Peraltan ibilbide anitz egiteko parada dugu, bai mendian, Estellerriko Erriberarantz luzatzen diren igeltsuzko mendilerroen zehar, bai lautadan. Hemen proposatzen dugunak Arga ibaiaren parean Faltzes herri politeraino eramaten gaitu.

Behin Argaren gaineko zubia igarota ezkerrerantz joko dugu. Laster konturatuko gara gizadiaren eta naturaren arteko lehiaz. Gizadiak ibaia ia-ia kanalizatu egin du lur-hesiak eraikiz eta behin ibai-baso handiak zirenak murriztu egin ditu egurra ateratzeko eta lurra emankorra aprobetxatzeko. Horrela ematen du aditzera Suasa toponimoak (euskaraz Zuhatza ei zena, bidearen hurbil kokatua). Hala ere zenbait gunetan mantendu da ibaiaren jatorrizko ubidea.

Gune horiek bere aniztasun ekologikoa gorde dute eta gaur egun babestuak daude. Halakoa da ibilbide honetan zeharkatuko dugun Soto de la Muga, non gordetzen den igaraba europearra espezie berezia. Ikusgarriak benetan ere urak ibaiaren eskuin aldean zizelkatu dituen lurrezko paretak.

Peraltara itzulita herriko museo etnografikoa bisitatzeak lurralde honen ikuspegia aberastuko digu.

2009/02/13

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (3)

KASTEJON-KORTES, TRENEZ



Kastejon betidanik izan zen gune estrategikoa Erriberako komunikazioetan, Ebro pasatzeko leku aproposa baitzen, baina trenaren etorrerarekin hasi zen herri handia izaten XIX. mendean. Herriko museoan biltzen dira bai lehenengo euskaldunen aztarnak bai trenbideari lotutako tresneria zahar bitxia.

Herria bisitatuz gero, bidaria trena hartzera gonbidatzen dugu Erriberako ikuskizun panoramiko batez goza dezan. Bidea, Korteseraino, Ebroren eskuin aldetik egiten da.

Ezkerreko leihotik deskubrituko du ibaiak sortzen duen ingurune berde-berdea, oraindik mantentzen diren ibar-basoez eta hain preziatuak diren barazkien alorrez hornitua. Egun argitan Pirinioetaraino heltzen da soa, baina normalean zeruertza Bardeetako goi-uneek marrazten dute, Sierra del Yugo-k lehenik eta La Negra-ren mendixkek gero.


Tutera igaro ondoren Aragoiko Kanal Inperialaren parean dabil trena. Iraganean ontziak ikusi genituzkeen Tutera eta Zaragozaren arteko bidea egiten zutela.

Eskuin leihotik, Montes de Cierzo-ko buztin-lurrezko erripak pasatu ondoren Moncayo mendi gorak izango dugu lagun bidai osoan.

Aragoiko mugan, Kortes. Erdi Aroko gaztelu bat izan arren herri modernoa da. XX. mendearen hasieran eraiki zen azukre-lantegiaren bultzadaz garatu zen. Lantegi hartan hasi ziren egosten Erriberan hain indar handia izan zuten ideia anarkistak eta sozialistak. Kortesen badago oraindik hiritar mugimendu bizkor bat, erresumin-edo.

2009/02/12

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (2)

KAPARROSO-BALTIERRA, AUTOBUSEZ



Iruñeko San Nikolas atean hasten zen errege bidea, Erriberako kamioa deitutakoa, Tuterara eta Aragoira eramaten zuena. Milaka orgazain euskaldunek egin behar izan zutena. Eta bidari askok, era guztietako gurdietan. Guk autobusez egin dezagun, sargoriak eta euliek molestatu gabe.

Kaparroso, Arrigarai-ren sorterria, leku estrategikoa zen errepide horretan. Alde batetik Aragua ibaiaren zubia pasatu-pagatu behar zen (zubiaren azpitik pasatzen ziren almadiei ere kobratzen zieten kaparrosokoek) eta beste aldetik etapa luzea hasten zen Bardea zeharkatu beharrez. Artaldeak ere, kapartsuak nolabait, ugari pasatzen ziren handik.

Gaur egun errepidea pinudizko bi bandaz inguratuta badago ere paisaiaren idortasuna nabaria da. Paisaia berdeari ohitutako jendeak basamortu bat imajinatzen du/zuen Erribera, ibarreko baratzeak ezagutu gabe.

Errepideak txirrista batean bezala eramaten gaitu gora ta behera, zamarien nekea eta orgazainen juramentuak gogora ekarriz.

Ebroren ibar berdera heldu eta laster Baltierran gaude. Han atentzioa emango digute berehala hegian kokatuak diren kobazuloek. Beste herrietan desagerrarazi egin zituzten, baina honetan, berriz, zaindu, eta batzuk landa-hotel moduan erabiliak dira.

Kobazulo horiek, nahiz eta Erdi Aroan, gazteluen alboan, hasi ziren eraikitzen, ez dira oso antzinakoak. Azken mendeotan herriko etxe gehienak nobleziaren eta jauntxoen esku zeudenez, jende jornalariak kobazuloak egiten zituzten, eskuz eta erreminta arinez, haiekiko uztardura arintzekotan. Laborarien erresistentzia ikurrak dira.

2009/02/11

Zazpi bide Erribera deskubritzeko (1)

TUTERA, OINEZ



Tutera hiri modernoa da dudarik gabe. Hara sartu eta berehala konturatuko da bidaria. Baina hiriaren arima, Historiak ematen duen berezitasun hori ezagutzeko, bere alde zaharreko kale estu eta korapilatsuak zanpatu beharko ditu. Labirinto horretan galduko da, agian, Pio Barojari gertatu zitzaion bezala (La ruta del aventurero eleberrian kontatu zuen). Dena den, badaude beldurtientzat txango turistiko gidatuak.

Foru Plazan hastea eta Santa Barbara tontorrean bukatzea da gure proposamena. Bidean, harat-honat, meskitaren inguruan antolatua zegoen hiri islamiarraren zantzua aurkituko dugu. Bai eta ere monumentu erromanikoak, bereziki katedrala, zeinaren Azken Judizioren ateak eskultura multzo harrigarri bat erakusten baitu.

Halaber Errenazimendu edo Barroko garaiko jauregiak, armarridunak eta erliebe eta pintura mitologikoekin apainduak. Baina batez ere txoko eta aterabide gabeko kale xarmantak, hala nola Dombriz edo Huerto del Rey.

Eta jendea, edo jendeak hobe esanda, zeren alde zaharrean tuterar berri asko bizi baita.

Gero, gora joko dugu kale estuetatik Paseo del Castilloraino. Pixka bat gorago gazteluaren murruen arrastoak aurkituko ditugu, eta jada goian, tontorrean, non antzina Tutela jainkosa gurtu zen, Jesusen Bihotzaren omenezko eskultura erraldoia, jornalarien odolaz eraikia.

Handik bai ikuskizun paregabea: hiria, ibarra, Ebro ibaia, La Mejana-ko ortuak... Erribera erdia.